Gizardatz :: Kode etikoa :: 3. Barne antolaketa, funtzionamendua eta parte hartzea

Kode etikoa

Atxikitako erakundeentzat euren indarraren oinarria erakundea osatzen duten gizon-emakumeak dira (zuzendariak, boluntarioak, profesionalak, bazkideak, laguntzaileak eta hartzaileak). Horregatik, bitartekoak, estrategiak eta teknikak bultzatu behar dira kide guztien parte hartzea eta informazioa pizteko, maila guztietan.

Erakundearen antolaketa argi zehaztuta egongo da eta gardena izango da; funtzionamendua antolatzeko argi eta garbi zehaztuko dira egin beharreko lanak eta ardura teknikoak zein politikoak. Horrekin batera, komunikaziorako bideak egokiak eta osatuak izango dira. Argigarriak izan daitezke gai horiek guztiak bilduko lituzketen barne araubidea eta organigrama.

Barneko parte hartzea bultzatuko da. Horretarako elkartearen egoerari eta gauzatzen dituen jarduerei buruzko informazio-politika iraunkorra eta ondo antolatua izango du.

Erakundearen zuzendaritzan ezer kobratu gabe parte hartzen duten pertsona edo erakundeek osatzen dituzte Gobernu organoak, Zuzendaritza Batzordeak, Patronatuak, Kontseiluak eta abar. Aldian-aldian kide berriak aukeratuko dira, demokratikoki funtzionatuko dute eta parte hartzea bermatzeko bitartekoak jarriko dira.

Erakundearekin lan harremana edo harreman profesionala duten pertsonak ez dira izango inoiz erakundearen gobernu organoaren kideen %40 baino gehiago. Era berean ezin izango da gobernu organoan eta langileen ordezkaritzan parte hartu enpresa batzordea edo antzerako baten bidez.